Atletico San Sebastian eta Txintxu Gozotegia ISB seniorretako txapeldun Usabalen
Seniorren kategoriako finalek itxi zuten larunbateko saskibaloiaren festa Usabalen; Atletico San Sebastian eta Txintxu Gozotegia ISB izendatu ziren Gipuzkoako txapeldun gizonezko eta emakumezkoetan urrenez urren. Txapeldunek beraien saskibaloi onena jokatu behar izan zuten bi final izan ziren, Mekalki Aloña Mendi (64-53) eta Antigua Luberri (57-38) taldeak garaitzeko, horrela denboraldiari amaiera borobila emanaz.
Atletico San Sebastiani, fase erregularreko liderra eta bigarren itzulia porrotik gabe burutu duenari, bost minutu kostatu zitzaion bere erritmoa hartzea. Mekalki Aloña Mendik hasieran neurketa menderatu zuen, Zubia entxufatu batekin eta Expositoren hiruko batekin (4-8). Lopezen irteerak haizea eman zion talde donostiarrari, 3-2 ko defentsa planteatu zuena. 10-0eko partzialak abantaila eman zien Ander Vaquerizarenei lehen laurdenean (16-13).
Donostiarrek ez zuten erritmoa jeitsi finala bukatu zen arte. Lopezen lan bikainari, Eizaguirreren zuzendaritza bikaina, Larzabalen kalitatea eta Bilbaoren sendotasuna gehitu zitzaien, errebotean nagusitasuna erakutsiz. Mekalkik kolpeak eusten zituen hala nola Atxaren distirarekin eta Guridiren hiruko batekin, baino kanpokaldetiko jaurtiketetan asmatzeak, oñatiarrak bikainak diren alderdi hori, ez zen iristen (28-23, atsedenaldian).
Kortabarria eta Guridiren bi hirukok neurketa estutu zuten, baino Atletico ez zen atzean geratuko. Finala 6,75 metroko marratiko jaurtiketen festa batean bilakatu zen hirugarren laurdenaren hasieran. Eizaguirre, Larzabal, Atxa… Cembrero agertu zen arte.
Atleticoko aleroa, faltengatik oztopatua zegoena, ez zen jokoan asko sartu ordura arte. Diztiratsu agertu zen. Bi hiruko ia jarraian, bigarrena donostiarren erasoko errebote batzuen ostean, definitiboa izango zen abantaila ireki zen (44-34). Aloña Mendik ez zuen amore eman, baino Cembrerok berean ziharduen, taponatzen, zuzentzen, saskiratzen. Bilbaok eta Salvideak erreboteetan eta fisikoan laguntzen zuten. Mekalkik bere hurruneko jaurtiketak bilatzen jarraitu zuen bukaera arte, eta sei puntura jartzea lortu zuen (55-49), baino garaikurra Atleticorentzat izan zen.
Emakumezkoen seniorretako finalak jarri zion amaiera festa handiari. Txintxu Gozotegia ISB garaiezin iritsi zen leia erabakigarrira. 22 garaipen ligan 22 neurketatik eta fase finalean bi garaipen. Baino Antigua Luberrik ez zuen amore emango. Rodriguezek oso entxufatua hasi zuen neurketa, jarraian sei puntu sartuz eta antiguotarrak aurretik jarriz. Enaitz Mugarzaren taldeak erantzuna berehala eman zuen, espero zitekeen bezala, aipagarria Iturraldek sartutako saskiratze bikain bat baloia bizkar atzetik pasatuz, baino bigarren laurdenaren hasieran Luberri berriro ere nabarmen aurretik jarri zen.
Susana Rodriguezenak, defentsan sendo eta erasoan asmatzen, neurketa haustearekin mehatxatzen zuten serio xamar. Rodriguezen beste hiruko batek eta Saenz de Buruagaren beste batek abantaila handiena eman zien antiguotarrei (11-20), baino Txintxu Gozotegiaren erantzuna, hiruko marrako jaurtiketen bitartez ere, ez zen berandu iritsi. Iturralde, Zubizarreta eta Lizundiaren sendotasunak markagailua estu-estu utzi zuten (23-25, atsedenaldian).
Antigua Luberriren erresistentziak ezin izan zuen Txintxu Gozotegiaren bonbardaketa jasan hirugarren laurdeneko hasieran. Iraurgik burua hartu zuen eta ez zuen askatu. Galdosen saskiratze bikaina, Vesgaren hirukoa, Galdosen hirukoa… Partzialak handitzen jarraitzen zuen hirugarren laurdeneko bukaerako 41-30era arte. Antiguotarrek azken esfortzua egin zuten azken laurdenaren hasieran, baino ez zen nahikoa izan denboraldi osoan garaiezin agertu den talde baten aurka. Garaikurra Txintxu Gozotegiarentzat izan zen.
Maila handiko bi final, gipuzkoako saskibaloiaren festari amiera bikaina emateko. Zorionak!!