Kadeteen #EUSKNAF19: hautatzaileekin hitz egin dugu

Kadeteen #EUSKNAF19: hautatzaileekin hitz egin dugu

Larunbatean Balmasedan kadeteen selekzioen txanda iritsiko da Euskadi eta Nafarroako txapelketetan. Xabier Altunak eta Jokin Zulaikak zuzendutako taldeak ere Nafarroaren aurka arituko dira finalerako txartelaren bila. Bi hautatzaileekin hitz egin dugu hain txapelketa berezi honen aurrean beraien jokalariak nola dauden jakiteko. 

1. Zer moduz joan da txapelketarako prestakuntza?

2. Zein da markatu duzuen helburua?

3. Zein ezaugarri dituzue talde bezala? nolakoa nahi duzue izatea zuen joko estiloa?

4. Zuretzat, entrenatzaile bezala, zer suposatzen du Gipuzkoa zuzentzea txapelketa hontan?

5. Nafarroa duzue aurkari finalaurrekoetan. Nolako neurketa espero duzu?

 

Xabier Altuna (Gizonezkoen Kadeteak)

1. Prestakuntza ondo joan da. Landutuko 6 sesiotan pixkanaka pausoak aurrera eman ditugu bai taktikoki bai talde kohesioari dagokion atalean ere. Lehenengo listan zeuden 15 jokalariei eskerrak ematea gustatuko litzaiguke, guztiekin entrenamendu hauek aurrera eramatea oso atsegina eta interesgarria izan baita.

2. Gezurra esango nizuke kantxara ateratzen garen bakoitzean helburua irabaztea ez dela esango banizu. Hala ere, asteburu honetarako helburu nagusia partiduetan gure saskibaloia maila altuenean jolastea da. Amaitzean, dena eman dugunaren sentsazioa izatea nahi dugu eta hortik aurrera gerta dadila gertatu beharrekoa. Bai jokalari bai teknikoentzat esperientzia polita da hau eta dugun guztia emateko konpromezua serio hartu dugu. Hortaz, Gipuzkoako kadete mutilen saskibaloi maila non dagoen harro erakutsi eta dakigun hoberen lehiatzea da helburua.

3. Selekzioak beti talde bereziak dira. Talentuz beteta daude, eta prestakuntza lanak beti nahi baino motzagoak suertatzen dira. Hortaz, daukagun talentu guztia plazaratzen saiatu gara jokalariei arau minimo batzuen bitartez, beraien gaitasunak potentziatzeko helburuarekin. Talde bizia gara, jokoaren pisua eraman nahi duena, bai erasoan eta bai defentsan, eta gure erabakien bitartez aurkakoengan dudak eta akatsak sortarazi nahi duena.

4. Ohorea da, egia esan. Nigan jarritako konfidantza asko eskertzen dut. Betidanik imajinatzen nuen nere burua horrelako lehiaketetan baina ez nekien momentua uneren batean helduko zen ala ez. Aukera oso polita da entrenatzaile baten bizitzan. Hala ere, Gipuzkoako Slekzioaren Tekniko izatea, hirurontzat, konpromezua da baita ere eta gogor  egingo dugu lana biderik hoberenean aurrera eramateko.

5. Ez gara gehiegi fijatu nahi aurrean daukagun selekzioan. Guretzat helburua ez baita edonola irabaztea. Gure jokoan zentratu nahi dugu partidoa eta gure saskibaloia proposatu. Hemendik aurrera ikusiko degu zer gertatzen den. Seguraski Nafarroak berdina egiten saiatuko da eta lehia oso polita aurkituko dugu. Beti bezela partidua irabaztera aterako gara, eta irabaz dezala hobe egiten duenak.

Jokin Zulaika (Eakumezkoen Kadeteak)

1. Txapelketaren prestakuntzari dagozkion entrenamendu saio hauek amaitu ostean, gure taldeko entrenatzaileok egiten dugun balorazioa oso positiboa da. Hasieratik, hautatuak izan ziren 15 neskek, izugarrizko gogoa erakutsi zuten taldean leku bat izateko eta entrenamendu egunak pasa diren heinean gogo eta ilusio honek tinko iraun du. Denbora falta, hasiera batean, gabezia handi bat zirudien arren entrenamendu egunak ondo aprobetxatu ditugun sentsazioarekin amaitu dugu. Taldeari ezarri nahi genion joko ideia eta filosofia ulertzeko, eta beraien zalantzak eta ideia propioak taldearekin elkarbanatzeko gure neskek izan duten aldez aurretiko jarrera ezinbestekoa izan da prestakuntza honetan. Aste politak izan dira, ilusioz beterikoak ez soilik jokalarientzat baita entrenatzaile taldearentzat ere. Niretzat lehen aldia da hautatzaile lanetan aritzen naizela eta nahiz eta hasiera batean egoera honek dakarren urduritasunak inguratu, izan ditudan laguntzaileak ezagutu ostean jakin nuen lan polita egingo genuela elkarrekin. Oskar eta Asierrentzat ere esperientzia berria izan da, baina lehen egunetik gogotsu ekin zioten taldearen prestakuntzarekin lanean eta beraiek ondoan izanda burutu beharreko lana errazagoa izan da zalantzarik gabe.

2. Lehen egunean ezarri genuen helburua mantentzen dugu: lehiatuz gozatzea. Ez da egunero izaten horrelako txapelketa bat jokatzeko aukera eta benetan aprobetxatu nahi dugu. Hasieratik gogor lan egin eta intentsitate handiz konpetitzera irtetzeko helburuarekin goaz. Izan ere, jarrera hau denbora luzez mantentzea lortzen badugu, ez dugu zalantzarik, neskek gehiago gozatuko dutela eta aldi berean emaitzak alde izateko aukera gehiago izango ditugula.

3. Bakarkako ezaugarriei begiratuta nahiko talde orekatua eraikitzea lortu dugu, non zenbait jokalarik posizio ezberdinetan jokatzeko erraztasuna erakutsi duten. Taldearen ezaugarririk nagusiena aldiz, lanerako eta ikasteko duen aldez aurretiko jarrera azpimarratuko nuke. Ezarri nahi dugun joko ideia edo estiloari dagokionez, gure nesken izaera konpetibitatean oinarritzea nahi dugu. Egoera guztietan (positibo zein negatiboetan) borrokatzen eta lanean jarraitzeko grina erakusten dutelarik, norberarentzat zein taldekideentzat onena izango denaren bila. Dinamismoa oinarri dugula, joko alai eta erakargarri bat eskaini nahi dugu intentsitate maila handi bat ezarriz. Jokalariek benetan esperientziaz gozatzea nahi dugu eta gure ustetan, gogor lehiatuz eta alai jokatuz gehiago gozatzeko aukera izango dute.

4. Niretzat pribilegio handia da Gipuzkoako taldea zuzentzea horrelako txapelketa batean. Lehen aipatu dudan moduan nire lehen aldia da, Gipuzkoar Selekzioan, hautatzaile moduan lanean ari naizela eta federazioari eskerrak eman nahiko nizkioke nigan pentsatu izanagatik erronka honi aurre egiterako orduan. Jokalariak jadanik ezagutzen nituen, izan ere azken bi urte hauetan elkarren aurka jokatzea tokatu izan zaigu behin baino gehiagotan. Eta aurkari bezala sufritu ostean, orain taldekide moduan elkarrekin lan egin eta lehiatzeko aukera dut. Oso esperientzia aberasgarria izaten ari da niretzat.

5. Ez da norgehiagoka erraza izango. Intentsitate handiko partidua espero dugu eta oso garrantzitsua izango da lehiaren lehen minutuetan gogor ekitea. Lehen egunetik ezarri nahi izan ditugun ideiak garbi ditugula eta batez ere, baloi guztiak borrokatzeko grinarekin irten behar dugu kantxara. Aurkaria ez dugu gehiegi ezagutzen beraz lehen unetik nerbioak alde batera utzi eta gure erritmoa ezartzeko gogoz ekin behar diogu norgehiagokari. Gure lana ahalik eta ondoen betetzen saiatu behar dugu, honen bitartez garaipenetik gertuago egoteko aukera gehiago izango ditugu eta.

Iruzkin bat idatzi

This site is protected by reCAPTCHA and the Google Privacy Policy and Terms of Service apply.