Jardunaldiko atarikoa.
Asteburuan jokatuko den Euskal Ligara igotzeko faseak hartuko du protagonismo nagusia jardunaldi honetan. Zarautzen jokatuko da; final-erdi biak larunbat goizean izango dira eta igandean jokatuko da finala eta igotzeko txartela. Lau talde hauek bilatuko dute txartel hori: ZAST Zarautz, Magnet Ointxe, Efik ISB eta EASO Panko Performance.
Baina kadete mailako gainontzeko lehiaketetan ere badago zer aipatua. Errendimenduzko nesketan sekulako partida espero dugu Atletico Sn Sn Andatza (8-1) eta oraindik porrota ezagutzen ez eta behin betiko mahai-kolpea eman nahi duen EASO Ibaeta Basket Buruntzaren artean. Partaidetzan ere partida garrantzitsuak izango ditugu jokoan. Mutiletan, lehen multzoan, EASO berriz izango dugu protagonista, oraingoan baina Echeverria & Del Valle taldearekin (6-1), partidarik galdu ez duen Ordiziaren kantxan jokatuko baitu lidergoa jokoan dutela; bigarren multzoari dagokionez, Atletico SN SN Adarra eta Eibar Saskibaloia izango dira lidergoa eskuratzeko partidan aurrez aurre neurtuko diren bi taldeak. Nesketan ere etorkizun hurbila markatu dezaketen bi partida beste horrenbeste multzotan: alde batetik Ordizia KE (6-0) eta Sebal ISB (5-1) aurrez aurre, eta bestetik Bera Bera Manteo ZAST 2007ren aurka.
Jardunaldiko beste partidei dagokienez, Gabonen aurretik azkenak izango direnak, Mutilen Senior hirugarren mailako partida bat aipatu gabe ezin utzi: Elorri Aldapa (5-1) eta EASO (6-0) nor baino nor gehiago lehen postuaren lehian.