EUSKADIKO SASKIBALOI FEDERAZIOEN KOMUNIKATUA
Erakundeek berriki jakinarazi dutenez eskola-kiroleko lizentziarekin egiten diren lehiaketak bertan behera geratuko direla, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lurralde-federazioek, Euskadiko Saskibaloi Federazioarekin batera, erabaki horrekin erabat ados ez daudela adierazi nahi dute.
Ulertzen ditugu egoeraren inguruabarrak eta larritasuna, baina ez gatoz bat neurri horrekin, berriz ere txikienak kaltetzen baititu. Euskadiko saskibaloiko nahiz gainerako kirol-diziplinetako kirol-klubek ia 24 hilabeteko pandemia izan dugun honetan, aurrerapauso bat eman dugu, eta ahalegin handia egin dugu kontzientziatzeko, batetik, eta ingurunera eta inguruabarretara egokitzeko, bestetik, baliabide ekonomikoak eta giza baliabideak bideratuz, kirola guztiontzako ingurune segurua izan dadin, eta hori lortu dugu, gure ustez.
Hala eta guztiz ere, erakundeen erantzuna, intzidentzia eta kutsatze-datuak lagundu ez dutenean, beti berdina izan da: lehiaketak eskola-kiroleko lizentziekin etetea, neurri eraginkorra eta beharrezkoa dela frogatu gabe, murrizketa markatzeko garaian eskola-lizentzia eta federazio-lizentzia bereizteak dakarren inkongruentzia gehituz, horrek berekin egoera ulertezin bat ekarriz: neska-mutil askok ezin dute lehiatu, baina adin bereko ikaskide eta lagunak egin dezaketela ikusten dute. Horrez gain, barnealdean egiten diren beste jarduera batzuek edo jende gehiago biltzen duten beste jarduera batzuek normaltasun handiagoz edo txikiagoz garatzen jarraitzen dutenez, erakundeek hartutako jarrera ulertzea oso zaila da, eta are zailagoa haurrei azaltzea.
Erakundeek berek kanpaina nabarmenak egiten dituzte ohitura osasungarriak hartzearen eta kirola egitearen garrantziari buruz, eta, ondoren, errotik eteten dute kirola egiteko ohitura hori ehunka haurrengan, eta horrek epe laburrean zein ertainean eragin dezake. Ez gara lehiatzea eragozten ari bakarrik. Ingurune ludiko eta kontrolatu batetik urruntzen ari gara, non estres-egoerak kudeatzen ikasten duten, taldean lan egiten eta arauak errespetatzen ikasten duten, ilusioak jartzen dituzten, gizarte-trebetasunak garatzen dituzten, eta autoestimua, konfiantza eta segurtasuna irabazten duten. Asteburuko partida soil bat baino askoz gehiagoz urruntzen eta askatzen ari ditugu.
Aurretik aipatutako guztiagatik, saskibaloiko euskal federazioetatik neurri horrekin erabat ados ez gaudela berresten dugu, eta erakundeei eskatzen diegu lehenbailehen berriz azter dezatela.