Jardunaldiko kronika.
Inauteriak ateak joka ditugu eta hainbat mailatan merezitako atsedena hartuko dute zenbait taldek. Bien bitartean saskibaloiz jositako azken jardunaldi bat bizi izan dugu eta sorpresaren bat edo beste ere egon dela esan daiteke.
Eta ezustekoez hitz egiten hasita, Emakumezkoen Lehen mailan, liderraren lehen porrota iritsi zen pasa den asteburuan. EASOk 47 eta 51 galdu zuen Digitarte Hoops handi baten aurka eta Garficas Jauristik bikain aprobetxatu zuen estropezu hau, sailkapenean donostiarrak berdintzea lortu baitzuen, 15 egun barru bien artean izango den lehiaren zain. Galdu ezin den partida. Mutilen txapelketei dagokienez, aipagarria da Hirugarren Mailako Bigarren multzoan Mondragon Unibertsitateko bi taldeek eskuratutako garaipenak, bi taldeak lehen bi postuetan jartzeko balio izan diena.
Errendimenduzko juniorretan, bai mutil eta baita nesketan ere, denak berdintsu jarraitzen du, izan ere, lehen postuetan diren taldeek ez zuten sorpresarik izan eta euren partidak aurrera atera zituzten, beste astebetez lidergoak mantenduta. Errendimenduzko kadeteetan, liderrek ez dute etsairik eta EFIK ISB-k, zein EASO Ibaeta Basket Buruntzak euren atzetik direnei esperantzako tarte txikiena ere ez diete ematen. Partaidetzako txapelketei dagokienez, oraindik goiz da ondoriorik ateratzen hasteko, mailaren arabera, partida bakarra edo askoz jota bi jokatu baitute.
Amaitzeko, infantiletan, errendimenduzko neskek jokatutako final-erdiak aipatu behar ditugu. Bertan, EASO iruleak SaskiAxularri irabazi zion eta Bera Berak BKL Pagoetari. Partaidetzako Haundi mailan, Lehen multzoko Antigua Luberri KE 08 eta Ordizia Lacturaleren (biak 6-0ko balantzearekin) eta Bigarren multzoko Oiarso SKT-ren (5-1) sasoi eta joko bolada ona aipatu beharrezkoak dira.