Jardunaldiak emandakoa.
Pasa den asteburuan hainbat atentzio gune izan genituen gure lehiaketetan eta hurrengo lerroetan gertatutako azaltzen saiatuko gara.
Partida handi horietako lehena Tolosan bizi izan genuen, gizonezkoen senior lehen mailan, TAKE Orbela Tabernaren eta Intxaurrondoko Internacionalen artean. Etxekoek lortu zuten garaipena, eta beraz, partidarik galdu gabe dagoen talde bakarra dira momentu honetan eta, honenbestez, bakarrik daude lidergoan. Hori bai, beraien uberan hainbat talde dituzte, besteak beste iaz txapeldun atera zen Inter de Mitente. Emakumezkoen lehen mailan, aipagarria da EASO Basketek eta Goierri Aymak daramatzaten ibilbidea, 3. Eta 4. Multzoko lider, hiru garaipenekin hiru partidatan.
Juniorrei dagokionez, mutilen urrezko maila aipatu behar dugu. Izan ere, emozioz josita dago lehiaketa. Askatuak Hollisek galdu egin zuen Goierri Gaestopasen kantxan eta porrot hori aprobetxatu dute EASO Basken Andatzak, EASO Basket Igeldok eta Ordizia Oklik, sailkapenean berau harrapatu eta sailkapen buruan lauko berdinketa bat ezartzeko. Nesken urrezko mailan, Bera Bera liderrak ere galdu egin zuen, 50 eta 39, Ordizian, nahiz eta hauek lidergoan mantentzen diren; hori bai, partida bat gutxiagoko aldearekin. Juniorrekin amaitzeko, aipagarria da partaidetzako mutiletan Oiarsoko taldeak egiten ari diren lana, lehen eta bigarren multzoaren buruan baitira, bi taldeek 3-0 balantzea daukatelarik.
Kadetetan, nesken urrezko mailan Ekiola Ointxe da jaun eta jabe. Moreek lehen itzuliko partida guztiak irabazi dituzte eta 7 eta 0ko balantzearekin jarri dira Bera Beraren aurkako partidua aurrera erraz aterata. Bide bertsua eramaten ari da Ordizia zilarrezko mailan, sei garaipen batuta eta porrota ezagutzeke. Mutiletan SaskiAxularrek orain arte galdu gabe zegoen Andraitz liderraren kantxa irabazi zuen 52 eta 53 eta sailkapena berriz ere parekatu egin da buruan hiru talde daudela.
Infantil maila amaitzeko. Lider guztiek irabazi egin dute asteburu honetan ere eta, beraz, sailkapenean duten postua indartzeaz gain, abantaila handitu egin dute zenbait kasutan.