Jardunaldiko kronika.
Asteburuan bizi izandakoez hitz egiten hasteko, jardunaldiko partidutik hasiko gara. Ez zuen hutsik egin partiduak, emozioz gainezka egon zen, eta justu-justuan erabaki zen. Soraluce BKEk 67 eta 66 irabazi zion Donosti Dolphinsi eta lehiaketako lidergoa erabakita utzi du; orain borroka goiko beste postuengatik dago, hiru talde baitaude 14 garaipenekin berdinduta. Mutilen senior bigarren mailan ere Goierri Modelos Ezguba liderra liderrago da Ama Guadalupekoa Ikasbasketi 79 eta 73 irabazi ostean. Emakumezkoen lehen mailan, berriz, ez dago lider sendorik, beste astebetez, Atletico Sn Snren eta EASO Basket En clave de Solen arteko borrokak jarraitzen baitu.
Junior mailari buruz hitz egiten hasita, nesken errendimenduzko A2 multzoko Atletico Sn Sn Garazik lortutako garaipena ezin aipatu gabe utzi; BKL Esparruri irabazi eta gero, lidergoan sendo jarraitzen dute donostiarrek 7 eta 1eko balantzearekin. Eta partaidetzari dagokionez, Oiarso 05eko eta Goierri Taberna Bidezarreko mutilak garaile irten ziren Donostian Aldapeta Maria Ikastetxearen eta EASO Basket Echeverria & Del Valleren aurka hurrenez hurren, eta lidergoan bakarrik daude A1 eta A2 multzoetan.
Kadete mailara salto eginez, partaidetzako hainbat multzotan bizitzen ari garen parekotasun eta emozioa aipagarria da. Adibidez, mutilen A3 multzoan, Antigua Luberri 07k eta Gestión 9 Oiarsok ederki aprobetxatu zuten Andraitzek galdu izana sailkapenean berau harrapatzeko. Eta nesketan, lehen multzoan, Goizper Group BKEk bere lehen partidua nola galdu duen ikusi dugu; bi partidu zituen asteburuan: bata Eskoriatzaren aurka eta 42 eta 26 irabazi zuen; bestea Goierri Buen Bokadoren kontra, eta honako honetan 66 eta 45 galtzen amaitu zuen.
Haur mailari dagokionez, ez da sorpresarik izan. Lehen postuetan dauden talde guztiek garaipena lortu zuten eta euren nagusitasuna erakusten jarraitzen dute.