Jardunaldiko kronika.
Hurrengo lerroetan, jardunaldiak eman duen interesgarriena laburtzen saiatuko gara.
Seniorrekin hasiko gara, izan ere gizonezkoen bigarren mailan, A2 multzoan, Bosteko Irauli B aho bete hortz gelditu zen AZ Casa de la Rioja handi baten aurrean eta 61 eta 70 galdu zuen; emaitza hori primeran aprobetxatu dute EASO Basket Caprochok eta Artesanos Juantxo Eibar Saskibaloiak, lehenak liderrarekin sailkapenean berdintzeko, eta bigarrenak hauengandik garaipen bakarrera jartzeko. Nesketan ere AZ Casa de la Rojak protagonista izatea lortu du. Izan ere, lehen mailako A2 multzoko seigarren taldean, aurreratutako partiduan, 38 eta 37 irabazi ahal izan zion Astigarragako Mundarrori, lehen lau sailkatuen artean aurkitzen diren bi talderen arteko deman.
Junior mailari dagokionez, mutilen errendimenduzko A2 multzoan, Askatuak Hollisek Usoa/Ganbara BKEren aurrean eskuratutako garaipen argia aipatu beharra daukagu, bere uberan dauden taldeekiko bi garaipeneko aldea zabaltzeko aukera ematen baitio.
Kadetetan partaidetzako multzoetan dagoen parekotasuna aipatu gabe ezin gelditu. Nesketako 1 eta 3 multzoetan Goizper Group BKE eta Antigua Luberri KE nagusi agertzen dira, baina gainontzeko multzoetan, neskenetan zein mutilenetan, parekotasuna da nagusi eta azken txanpa ikaragarri baten atarian aurkitzen gara.
Haur maila, amaitzeko. Bertan, Ordizia Lacturaleko neskek zilarrezko mailako bigarren multzoa erabakita utzi dute EASO Basket Mendiolari 52 eta 44 irabazi eta gero.