Finalen Finaleko kronika.

Finalen Finaleko kronika.

Pasa den larunbatean, Aieten, Finalen Finaleko beste edizio ikusgarri bat bizitzeko aukera izan genuen. Goizean goizetik harmailak beteta izan genituen eta, behin arratsaldea iritsita, senior mailako bi finalekin, kiroldegiak gainezka egin zuen, gure saskibaloiaren festa ikaragarri batekin gozatzera etorri ziren zale guztiekin.

Jardunaldia goizeko 09:45etan hasi zen mutilen errendimenduzko kadete mailako finalarekin. ZAST & Furiouseko mutilek 46 eta 54 irabaztea lortu zuten, nahiz eta ia partida guztian zehar Ordizia handi baten atzetik joan markagailuan. Azken laurdenean ZASTek markagailua iraultzea lortu zuen eta modu honetara txapela eskuratu zuen. Nesken kasuan ere ZASTek neskak izan ziren garaile ordiziarren kontrako finalean, baina oraingo honetan, partiduak alternantzia gehiago izan zituen. Dan Lertxundiren neskek gehiago asmatu zuten momentu erabakigarrian eta 49 eta 44 irabazten amaitu zuten.

Eguerdiko 13:45etatik aurrera iritsi zen juniorren txanda. Mutiletan, EASO Basket Andatza jaun eta jabe izan zen Askatuak Hollisen aurrean; hasiera-hasieratik partiduaren aginte makila hartu zuen eta ez zuen askatu berrogei minutuetan, azkenean 83 eta 64 irabazten amaitu zuelarik. Nesketan, Atletico Sn Sn Garaziko neskek EASO Basket Plagamaniakoak garaitu zituzten egunak utzi zigun finalik politenetako batean. Markagailua parez pare ibili zen partidu guztian zehar, batzuetan batzuk aurretik, bestetan kontrarioak, beti diferentzia txikiekin, emozioa bor-bor. 13 segundoren faltan Atleticoko neskek lortutako saskiratze batek partidua 56 eta 54 irabaztea ahalbidetu zien eta modu honetara txapeldun garaikurra eskuratu zuten.

Amaitzeko, senior mailako finalak iritsi ziren. Sekulako giroa egon zen harmailetan, lagun, familiarteko, kide eta Gipuzkoako saskibaloiko jendez betea. Emozio handiko momentuak bizi izan genituen bi partidu handitan. Donosti Dolphinsek 65 eta 58 irabazi zuen mutilen finala Inter de Mitenteren kontra, eta nesketan, etxekoak, Atletico Sn Sn-k irten ziren garaile EASO En Clave de Solen aurrean 60 eta 70eko emaitzarekin.

Errendimenduzko Kadete mutilen Txapelduna: ZAST & Furious

Errendimenduzko Kadete nesken Txapelduna: ZAST Kuraye

Errendimenduzko Junior mutilen Txapelduna: EASO Basket Andatza

Errendimenduzko Junior nesken Txapelduna: Atlético SN SN Garazi

Mutilen Senior Lehen mailako Txapelduna: Donosti Dolphins

Nesken Senior Lehen mailako Txapelduna: Atlético SN SN

 

Iruzkin bat idatzi

This site is protected by reCAPTCHA and the Google Privacy Policy and Terms of Service apply.