Minien Eguna.
Pasa den larunbatean, Urretxun, denboraldiari amaiera eman genion “Minien Eguna”.
Gure txikienei begira (benjamin eta kimu mailako neska-mutilak) eginiko jai honek, urtero legez, gure kirola praktikatuz, denboraldiari amaiera ematea zuen helburu, modu ludiko eta dibertigarrian. Larunbat goizean, Urretxu-Zumarraga Lizeoa ikastolan, 3x3ko torneo desberdinak jokatu ziren eta bertan probintzia guztiko taldeek hartu zuten parte.
Aipagarria da “Minien Eguna” izan zela Gipuzkoako Saskibaloi Federazioak aukeratu zuen lekua bere 3×3 kantxa berria estreinatzeko. 3x3ak geroz eta jarraitzaile gehiago ditu belaunaldi berrietan eta sekulako indarra hartu du, gainera, kirol olinpiko izendatu dutenetik. Federaziotik bultzada eman nahi diogu baita ere saskibaloi modalitate honi eta horretarako lehen pausoa, gure jokalari eta klubentzat, guretzat, kantxa bat diseinatu eta eskuratzea izan da.
Federaziotik eskerrak eman nahi dizkiegu Goierri klubari, Urretxuko Udalari eta Basket Kalean-i ekintza honen antolakuntzan eta muntaia lanetan laguntzeagatik.