Asteburuko kronika
Jardunaldi garrantzitsua bizi izan dugu asteburu honetan. Denboraldi amaiera gerturatzen ari da, maiatzaren 21ean jokatuko da Finalen finala eta ordurako gure lehiaketetako hainbatetan bi finalistak zeintzuk izango ote diren ezagutzeke gaude oraindik. Fase erregular gehienak igande honetan amaitu dira eta, tituluaren bila, kanporaketak hasiko dira orain.
Modu honetara, esaterako, Gizonezkoen Lehen Mailan, Atletico Sn Sn-k 67 eta 57 irabazi zion Intxaurrondoko Internacional-i eta modu honetara Amaierako Faserako sailkatu da, tituluaren bila, Inter de Mitente, STL Azkune eta Donosti Dolphinsekin borrokatuko duelarik. Emakumezkoen Lehen Mailan, berriz, fase erregularraren amaiera bizi izan dugu; bertan, Graficas Juaristi ZKE izan da indartsuena eta datorren asteburuan, kanporaketak hasiko dira maila honetan.
Berdintsu gertatzen da Mutilen errendimenduzko juniorretan. Liga erregular ikusgarri baten ondoren EASO Mandoegik aurrena amaitu du sailkapenean 19-3ko balantzea lortuta eta datorren asteburutik aurrera indartsuena dela berretsi nahiko du BKL Murumendiren aurkako kanporaketan. Goierri Gaestopasek eta Ama Guadalupekoa Hondarribiak jokatuko dute beste finalerdia. Nesketan ere ezagutzen ditugu jadanik lau finalistak; ez da sorpresarik egon eta fase erregularrean lehen lau postuetan amaitu zuten talde berdinek jokatuko dituzte finalerdiak: BKL Esparruk Ostadar A izango du aurkari eta Ganboa Hoops-ek Goierri Uz Baleikeren aurka neurtuko ditu indarrak.
Errendimenduzko kadeteek ere larunbatean hasiko dituzte finalerdiak eta hauek izango dira talde protagonistak: Innova Hortz Klinika ISB vs Ordizia KE eta CD internacional vs EASO Ibaeta Basket Buruntza nesketan; eta Magnet Ointxe vs EFIK ISB eta BKL Oria vs EASO Panko Performance mutiletan.
Amaitzeko, infantil mailan, finalerdiak Atco Sn Sn vs Mondragon Lingua Ointxe eta Ordizia KE vs ZAST Magic izango dira mutiletan. Nesketan, ordea, ligaxkarekin jarraitzen dute. Bertan, Marmoles Aztiria ISB-k 26 eta 24, ozta-ozta, irabazi zion bere atzetik dagoen ZAST Kurayeri, eta sailkapenean ihes egin du.