Euskal ligetako gure juniorrak.
Euskal Saskibaloi Federazioak antolatzen dituen lehiaketek euren laugarren jardunaldia jokatu dute jada, irailaren erdi aldean hasi baitzuten denboraldia, eta beraietan gure hainbat ordezkari dauzkagu; horregatik, euren lana zer nolakoa den kontatzea ere badagokigu. Gaurkoan junior mailari buruz ariko gara, bertan nesken hiru talde eta mutilen lau baitauzkagu.
Eta hasteko, nesken junior mailako Fundibide ISB aipatu nahiko genuke. Azpeitiarrek oso sentsazio onekin hasi dute denboraldia eta gure taldeen arteko derbian EASO Ibaeta Basketi 64 eta 61 irabazi eta gero, 3-1eko balantzearekin jarri dira. Donostiarrak bi garaipen eta bi porrotekin daude eta gure beste ordezkaria den ZAST Zarautzek oraindik garaipen bila jarraitzen du; hori bai, partidu bat gutxiago dauka jokatuta.
Mutilei dagokienez, porrotik ezagutzen ez duen Fundación 5 +11 liderraren atzetik daukagu EASO Gipuzkoa Basket Mandoegi, hiru garaipen eta galdutako partidu bakarra dutelarik. TAKEk eta ZASTek batek galdu eta besteak irabazi egin dute asteburuan eta taula erdian daude bi garaipen eta bi porrotekin biak ala biak. Ointxek berriz, EASOren aurka galdu zuen larunbatean eta oraindik ez daki irabaztea zer den denboraldi honetan.