“Selekzio arteko txapelketa baterako epaile gisa deitua izateak, denboraldia indarrez amaitzeko motibazioa ematen dizu”
Orain gutxi jokatu dira Euskadiko eta Nafarroako Infantil eta Kadete mailetako txapelketak. Bertan, Gipuzkoako selekzio ezberdinez gain gure lurraldeko bi epaile ere izan genituen: Josu Santesteban eta Ibai Gaztelu, eta beraiekin hitz egiteko aukera izan dugu.
Nolakoa izan zen txapelketetako esperientzia? Zein partidatan egon zineten epaile gisa?
Josu: Nahiko ona izan zen. Fernando Garzon bezalako bideratzaile tekniko bat eta Gorka eta Mikel bezalako bi tekniko ondoan izateak txapelketan ikasitakoa denboraldian zehar ikasten duzuna baino trinkoagoa izatea dakar. Partidetan ikasitakoaz gain, Roberto eta Alainekin hitzaldi batzuk eduki genituen arlo psikologikoari buruz eta kantxa baten barruan epaile gisa egiten ditugun gauzen beste ikuspuntu bat hartzeko ere balio izan zidaten. Lau partidetan egon nintzen eta zorionez, horietako bi gure selekzioarenak izan ziren, bata Erriberrin eta bestea Lezon.
Ibai: Asteburuz asteburu egiten dugun lanarekin zeri ikusirik ez daukan esperientzia bikaina. Selekzioetako partidak epaitzeak probintzia bakoitzeko jokalari onenak kantxan izango dituzula esan nahi du.
Nire kasuan Araba eta Nafarroaren arteko finalerdia epaitu nuen kadete mutiletan eta baita Gipuzkoa eta Nafarroaren arteko finala. Infantil mailako txapelketan berriz, Gipuzkoa eta Arabaren arteko finalerdian egon nintzen nesketan eta baita ere Arabaren eta Nafarroaren arteko 3. Eta 4. Posturako partidan.
Zergatik izaten ari da esperientzia ona zuentzat?
Ibai: Selekzio arteko txapelketa baterako epaile gisa deitua izateak, denboraldia indarrez amaitzeko motibazioa ematen dizu. Hau sari bat da, denboraldian zehar jartzen duzun lan eta esfortzuari saria.
Josu: Gipuzkoan ibili ohi ez diren beste epaile batzuekin elkarlanean aritu ahal izateak ezagutzen ez genituen ikuspuntuei so egiteko aukera ematen digu. Gure konfort egoeratik ateratzen digu eta hori etorkizunera begira laguntza handia izango da. Elkarlana da, guk haiengandik ikasten dugu eta beraiek gugandik.
Zenbat urte daramatzazue epaile lanetan?
Ibai: Denboraldi hau nire laugarrena da epaile mundu honetan.
Josu: Gaizki ez badut gogoratzen 2010ean hasi nintzen PDJ moduan Gipuzkoako Saskibaloi Federazioarendako eta 2018an Epaileen Euskal Batzordeko 4. Taldera pasa nintzen.
Nola hasi zineten?
Josu: Batzordeko gehientsuenak bezala. Nik lagun batzuekin jokatzen nuen partaidetzako kadete mailako talde batean eta klubetik arduradun bat etorri zitzaigun galdezka ia norbaitek nahiko ote zukeen saskibaloi epaile izan. Eta han joan ginen taldekide bi eta hirurok kurtsoa egitera. 4 urte eman nituen PDJ moduan eta seniorretan erabaki nuen jokoa utzi eta epaile izateari denbora guztia ematea asteburuetan.
Ibai: Suposatzen dut mundu honetan sartzen diren gehienak bezala, arlo ekonomikoagatik, modu independente batean zure gustuko gauzak ordaindu ahal izateko diru bat irabazteko. Baina denbora bat pasatzen denean, dirua ahaztu egiten duzu eta kirolarengatik duzun pasioagatik eta epaile lana gustuko duzulako jarraitzen duzu.
Epaile mundu honetarako zeuen buruari jartzen diozuen helburu bat?
Ibai: Ahalik eta maila altuenera igo bidean disfrutatuz eta ahalik eta gehien ikasiz.
Josu: Bai teknikoki eta baita psikologikoki ere hobetzea. Epaile lana oso zorrotza da eta zenbat eta maila gehiago igo gora, orduan eta akats gutxiago egin ahal dituzu.
Epaile lanetan hasi edo ez hasi dabilenarentzat aholku bat?
Josu: Saiatu daitezela. Nik neuk ere zalantzak izan nituen hasi nintzenean. Nire arreba (mahai laguntzailea da) eta nire aita tematu zirelako, gaur egun, 11 urte daramatzat, astero, nirekin amankomunean saskibaloiarekiko maitasuna daukan, jendearekin elkartzen.
Ibai: Publikoarentzat, orokorrean, epailearen figura sekula ez da ondo ikusia izan, baina behin barruan zaudela konturatzen zara maila pertsonalean gauza askotan laguntzen dizula profesio honek, ez zarela kirol baten parte bat soilik. Nire aholkua litzateke hasteko, probatzeko, eta gerora, bakoitzaren sentsazioen arabera jarraitu edo ez jarraitu erabakia hartzea. Probatu ezean, sekula ez dute jakingo gustuko duten edo ez.
Mila esker biei eskaini diguzuen denboragatik eta txapelketan gure ordezkari izateagatik. Segi horrela!