Euskadi eta Nafarroako mini mailako selekzioen arteko txapelketa.
Abenduaren 29 eta 30ean, ostegun eta ostiralez, mini mailako Euskadi eta Nafarroako txapelketa jokatu zen Portugaleten, Bizkaian.
Gure ordezkariek ostegun arratsaldez egin zuten debuta Nafarroa aurkari zutela, eta emaitza ezberdinak izan zituzten. Neskek ezin izan zuten finalerdietan garaile atera eta aurkari handi baten aurka 77 eta 42 galdu zuten. Mutilek, berriz, emozioz beteriko partidu batean, 58 eta 65 irabazi zuten luzapen baten ondoren. Azken minutu ikaragarri onak jokatu zituzten eta hori gakoa izan zen garaipena eskuratzeko.
Ostiral goizean jaso genuen nesken partetik lehen poza, hirugarren postuarengandik borrokan irabaztea lortu baitzuten. Arabaren aurka uneoro agindu zuten markagailuan eta 43 eta 57 irabazita, brontzezko garaikurrarekin itzuli ziren etxera.
Arratsaldean iritsi zen eguneko zita potoloena, mutilen finalarekin. Gure mutilek, eta Bizkaia aurkariak ere, sekulako ikuskizuna eskaini zuten. Etxekoak hasi ziren agintzen lehen laurdenean, 17 eta 14, baina bigarrenetik aurrera Gipuzkoak hartu zuen partiduaren kontrola eta hamar puntuko aldeak eskuratu ahal izan zituen. Hala ere, aurkariak ez zuen etsi, borrokan jarraitu zuen eta baita partidua estutu ere. Gipuzkoarrek baina, eusten jakin izan zuten eta azkenerako txapeldun amaitzea lortu zuen 75 eta 81eko emaitzarekin.
Federaziotik zoriondu nahi ditugu Orkatz, Kaiet, Egoi, Jakes, Jon, Manez, Galder, Unai, Alez, Aner, Eneko eta Xabier, eta noski, baita entrenatzaile taldea ere, Mikel, Sergio eta Itxaso. Zorionak denei!!