Gipuzkoako Saskibaloi Federazioaren Jakinarazpena.
Gipuzkoako Saskibaloi Federazioak, pasa den asteburuan egon diren gertakarien harira, EASO Basketek eta Askatuakek publikoki azaleratu duten gaitzespenetara batzen dela adierazi nahi du.
Harmailetan bizi izan ditugun jarrerak ez dira bi klub hauen eredu, ezta gutxiago ere. Batek zein besteak esperientzia handia dute harrobiko saskibaloian, eta haurrak jokalari eta pertsona moduan hezten sekulako lana egin izan dute beti.
Federazioak gogor gaitzetsi nahi ditu jarrera hauek eta baita denboraldian zehar bizi izan ditugun beste zenbait ere. Oso kezkatuta gaude. Horregatik, horrenbeste maite dugun kirol hau zikindu besterik egiten ez duten jarrera hauek ezabatzeko asmoz, formula eraginkor eta ikusgarri batzuek sortzeko lanean ari gara. Epaile, entrenatzaile, jokalari, laguntzaile, guraso… saskibaloia osatzen duen kolektibo osoko kideek astebururo bilatzen dutena da, baloi laranjak batuta, momentu eder batzuez gozatzeko aukera edukitzea, ondo pasatzea, harremanak egin eta ikastea. Horrelako jarrerek gure helburuetatik urruntzen gaituzte eta Gipuzkoako saskibaloi guztia lotsagorritu besterik ez dute egiten.