Gure hautatzaileak hizketan.

Gure hautatzaileak hizketan.

Infantil eta Kadete mailetako Euskadi eta Nafarroako txapelketen bezperan gure selekzioetako 4 hautatzaileekin (Xabier Altuna, Oihana Hermoso, Antton Korta eta Ander Arruti)  egon nahi izan dugu . Lauei eskerrak eman nahi diegu gurekin egoteko tarte bat ateratzearren eta txapelketarako zorterik onena opa nahi diegu; seguru asteburu ederra pasako dutela.

1.- Zer moduzkoa izaten ari da zuentzat Gipuzkoako hautatzaile izatearen esperientzia? Antton eta Anderren kasuetan gainera, debuta egiten duzue karguan.

Xabi: Asko gozatzen ari gara. Txapelketa baterako horrenbeste talentu duen talde bat prestatzea oso aukera polita da; beti ikasten duzu zerbait eta esperientzia politez betetzen duzu motxila.  

Oihana: Ohorea handia da bigarrengo aldiz Gipuzkoako hautatzaile izatea. Lehenengo esperientzia polita izan zen eta asko disfrutatu nuen bertatik. Txapelketaz gain, prozesu osoan zehar asko ikasteko aukera izan nuen entrenatzaile nahiz pertsona gisa. Aurretik horrelako txapelketa bat zer den bizi ondoren, aurtengo txapelketara lasaiago eta beste perspektiba batekin joango naiz.

Antton: Asko ari naiz gozatzen. Diozun bezala, lehen aldia dut postu honetan eta ilusio handiarekin ari naiz. Laguntzaile lanetan ari diren Oskar eta Nereak asko errazten didate lana eta taldearekin konexio ona lortu dugula uste dut.

Ander: Momentuz esan dezakedana da oso esperientzia atsegina ari dela izaten, bai kirol mailan eta baita maila pertsonalean ere. Oso mutik umilak dira, jokatzeko eta ikasteko gogo asko erakutsi didatenak..

 

2.- Zenbat urte daramatzazue entrenatzaile moduan?

Ander: Klub baten barruan 2019tik da ez dudala entrenatzen, baina horren aurretik 16 urtetatik ibilia nintzen entrenatzaile lanean. Guztira 13 denboraldi egin nituen Iraurgi saskibaloi Taldean.

Xabi: Denboraldi hau kontutan hartuta dagoeneko 13 denboraldi dira. Klub eta talde desberdinetan. Talde dinamiketan lan egitea oso gustuko dut.

Antton: Unibertsitatean sartu nintzenean hasi nintzen entrenatzaile lanetan, beraz, 17. denboraldia dut aurtengoa… Ene, denbora hegan doa! Kar-kar-kar.

Oihana: 7 urte daramatzat entrenatzaile bezala eta orain arte beti formakuntzan ibili naiz. Aurten ere formakuntzan jarraituko dut eta Gipuzkoako emakumezkoen lehen taldearekin egoteko aukera ere badut.

 

3.- Igande asko izan dira entrenamenduetara bideratuak eta erabaki asko hartu behar izan dituzue. Nola prestatzen da selekzio bat mota honetako txapelketa baterako?

Oihana: Garrantzitsua da, entrenamenduak hasi aurretik, amaierako helburuak zehaztea eta horiek definitu ostean, entrenamendu bakoitzeko helburuak markatzea, landu nahi duzuna ondo antolatzeko. Izan ere, entrenamendu gutxi izanagatik ahalik eta gehien aprobetxatu behar dira. Jokalariei dagokienez, belaunaldi hau ondo ezagutzen dut oso gertu izan ditudalako beti. Horrek, aukeraketa asko erraztu dit. Hautatzaile gisa, garrantzitsua iruditzen zait, hasi aurretik, zer ezaugarritako jokalariak nahi dituzun taldea osatzeko.

Antton: Denbora gutxi dago taldea prestatzeko, beraz, zeure buruarekin kritiko izan eta plangintzaren inguruko erabaki azkarrak hartu beharra dago. Helburu zehatzak jarri beharra dago eta horien inguruko lanketan sakondu.

Ander: Egia esan, mutilek oso estu jarri dizkigute gauzak. 2008ko belaunaldiak talentu asko dauka, baina bilatzen duguna lehiakor izatea da eta saskibaloiak dituen  oinarrizko kontzeptuak oso ondo ulertzea. Gogorra izan da, urte eta erdi egon direlako lehiatu gabe eta urduritasuna eta tentsioa asko igarri zaielako.

Xabi: Garrantzitsuena da daukazun denbora mugaren jabe izatea eta planning errealista bat egitea. Klubetan denboraldian zehar egiten diren prestakuntzak imitatzeko oso saio gutxi dira. Beraz, jokalari bakoitzaren talentua bilatu eta bultzatzen saiatzen gara beti. Nere kasuan behintzat, erremintak ematen saiatzen naiz ongien egiten dakitena, hau da saskibaloian jokatzea, oraindik eta hobeto egin dezaten. 

 

4.- Horrenbeste entrenamendu eta gero, suposatzen dugu lehiatzeko gogoz egongo zaretela.

Antton: Bai, dudarik gabe. Pasa den urteko geldiunearen ondoren, selekzioek berriz jokatzeko aukera izan eta harmailetan ikusleak egon ahal izatea oso pozgarria da.  Asteburu polita izango delakoan nago.

Oihana: Bai, lehiatzeko gogo handia dago, batez ere urte gogor baten ondoren. Talde osoa, Olitera joan eta gure onena emateko gogoz dago!

Xabi: Bai, hori da. Lehiaketa da guztiok gehien motibatzen gaituena. Gainontzeko hiru selekzioei aurre egitea erronka polita da eta momentu honetan hori da nahi duguna.

Ander: Noski,desiratzen gaude igandean baloia airera bota eta mutilak lehiatzen hasteko.

 

5.- Zer moduz iristen da zure selekzioa txapelketara?  

Xabi: Azken asteetako lanaren ondorengo sentsazioak onak dira. Beharrezkoa geneukan prestaketarekin eta aurrean jartzen zaigun edozeinen aurka borrokatzeko nahikoa goserekin goaz. Kantxa gainean guztia utziko dugu seguru, eta gero, gerokoak.

Antton: Taldea gogo handiarekin dago eta jokalariak oso serio entrenatzen ari dira. Pare bat jokalari min hartuta ditugu eta txapelketara iritsiko ote diren ez dakigu oraindik. Hala ere, gainontzekoak maila onean daude eta ondo lehiatzeko gai izango garela pentsatzen dut.

Ander: Uste dut momentu onean iristen garela. Min hartutako jokalari batzuekin arazoak izan ditugu, baina entrenamenduetara etorri diren jokalariek oso lan ona egin dute taldea txapelketara sasoiko iristeko.

Oihana: Jokalariak lan asko egiten ari dira astegunetan euren taldeekin eta igandetan berriz, selekzioarekin. Txapelketara sasoi onean iritsi garela esango nuke. Gainera, neskek lehiatzeko eta euren onena emateko gogo handia dute.

 

6.- Astebururako helburu bat.

Antton: Aste hauetan zehar landutakoarekin, asteburuan zehar ondo lehiatu ahal izatea da nire helburua.

Ander: Mutilek gogor lehiatzea, eta lehiatu gabe denbora asko egon direnez, duten aukera aprobetxatu eta horrenbeste maite duten kirol honekin gozatu dezatela. 

Oihana: Helburu nagusia jokalarien garapena da; esperientziaz gozatuz, beren onena ematea jokalari nahiz pertsona bezala. Maila handiko lehiaketa bat jokatuko dutenez, jokalari gisa hazteko aukera handia dute. Aurten finalerdia Bizkaiaren aurka tokatu zaigu. Oso aurkari indartsuak dira. Partida gogorra eta exigentea izango da, eta horregatik, gure helburua partida osoan zehar kontzentraturik mantentzea eta jokalari bakoitzak duen onena ematea izango da. Defentsan gogor arituz eta aurkariari lana zailduz partida irabazten saiatuko gara.

Xabi: Lehiatzea. Topikoa izan daiteke, baina horrelako txapelketa motzetan edozer gauza pasa daiteke. Gure helburua da kantxara irten eta momento oro borrokatzea, baita gauzak oso zail jatzen bazaizkigu ere. Hustu eta dugun onena eman dugunaren sentsazioarekin amaitu beharra daukagu.

 

 

7.- Talde bat entrenatzeko aukera eduki eta zalantza duten neska-mutilendao mezu bat eskatuko genizueke.

Oihana: Azken galdera honetan, entrenatzen ari diren emakume eta entrenatzen hasi edo ez zalantzan dauden emakume horiengana zuzendu nahiko nuke. Hemendik, entrenatzen probatzera animatu nahi nituzke. Entrenatzaile gisa, kirolak ematen duenaz gain, asko ikasi eta asko gozatzen da.Gaur egun, oso emakume gutxi gara entrenatzaile lanetan aritzen garenak, eta ez da kasualitatea. Oraindik ere badira emakumeon balioa zalantzan jartzen dutenak eta hori aldatu beharra dago, bidegabekeria baita. Ea denon artean gaur egungo egoera aldatzea lortu eta kantxetan emakume gehiago ikusteko aukera dugun!

Ander: Nahiz eta gure ofizioa, gehienetan, nahiko gogorra izan, gure talde eta neska-mutilen esfortzua zer nolakoa den ikusita, merezi du entrenatzaile izateak.

 Xabi: Duda gabe, proba dezatela. Eroso sentituko diren leku batetik hasi eta mundo honek sortzen duen arrak jaten utz daitezela gutxika-gutxika. Gomendatuko nieke veste entrenatzaile batzuetatik ikasten saiatzea. Egoa alde batera utzi eta inguruan duten guztitik jan dezatela, ahalik eta gehien. Uste dut hori dela entrenatzaile baten formakuntzan biderik onena.

Antton: Zalantzarik gabe, animatu daitezela, saskibaloiaz asko ikasten baita talde bat zuzentzen ari zarenean. Hala ere, bereziki neskak animatuko nituzke, entrenatzaile postuetan desoreka handia baitago gizon eta emakume artean. Kontu honetan, guztion lanketa bat beharrezkoa dela iruditzen zait, arrakala hau ezabatu nahi badugu.

Iruzkin bat idatzi

This site is protected by reCAPTCHA and the Google Privacy Policy and Terms of Service apply.