Goi mailako gure ordezkariei begiratua (Gizonezkoak)
Asko dira estatuko saskibaloiko goi mailetan jokatzen ari diren gure jokalariak eta gainera, estatu guztitik barreiatuta daude.
ACBn begirada jarrita, azken egunetan guztien ahotan dagoen jokalari bat aurkituko dugu. Dario Brizuelak sekulako erakustaldia eman zuen Errege Kopako final-laurdenetan pasa den ostiralean, 33 puntu sartuta, gerora txapeldun geldituko zen Bartzelona lehiaketatik kanpo uzteko puntuan egon zen bere taldekideekin batera. Eta denboraldia orokorrean kontutan hartuta, donostiarra sasoi polita burutzen ari dela ezin ukatu, 10 puntutik gora sartuta bataz beste. Datu bitxi bat, kopuru hori jarraian lortzen duen laugarren denboraldia litzateke hau. Gainera, donostiarra, hurrengo FIBA lehioak jokatzeko deitua izan da Espainiako Selekzioarekin. Gugandik gertuagoa daude Acunsa Gipuzkoa Basketeko hiru jokalari gipuzkoarrak. Xabi Oroz sekulako denboraldia egiten ari da eta bera da taldearen berpizkunde honetako gakoetako bat, joko antolatzaile fidagarri eta defentsan beti bezain sendo arituta. Xabirekin batera, Julen Olaizola eta Mikel Motos ditugu. Lehenaren kasuan sekula baino minutu gehiago ari da jokatzen ACBn; bigarrenak nahi baino arazo fisiko gehiago izan ditu denboraldiaren lehen zatian, baina dagoeneko taldeko bat gehiago dela dirudi.
Maila bat beherago, Urrezko Leb ligan, hainbat ordezkari ditugu ACBra igotzeko lehian borroka egiteko asmotan. A multzoko bigarren sailkatua den eta igoera begiz jota daukan Leyma Coruñan bigarren antolatzaile moduan ari da Gaizka Maiza. Sailkapenean postu bat beherago dago Palentzia eta bertan Aitor Zubizarretak leku garrantzitsu bat bereganatu du taldean eta zaleen bihotzean; ez da gehiegi jaurtitzen duen jokalari horietakoa, baina aspektu honetan izan duen hobekuntza nabarmena da, hain zuzen ere, %40tik gorako bataz bestekoa baitauka hiruko marratik. Multzo berean, baina Melillan, maila honetan debuta egin duen Mikel Sanz daukagu eta debut urterako, partidako, 10 minututik gora jokatzen ibiltzea ez da marka txarra.
Estatu mailako saskibaloiaren hirugarren mailan, Zilarrezko Leb ligan, ordezkaritza oraindik eta zabalagoa aurkituko dugu. Mendebaldeko multzoko lider eta Kopa Txapeldun atera berri den Juaristi ISBn bost gipuzkoarrek jokatzen dute maiztasun handiarekin. Taldeko kapitain eta arima den Ibon Guridirekin batera, Beñat Hevia, Ierai Azpitarte, Manex Ansorregi eta Ander Merketegi oso garrantzitsu bihurtu dira Iñaki Jimenezen errotazioan eta ez da harritzekoa kantxan minutu askotan berauek ikustea. Iraurgiko jokalari ohia den Xabi Beraza, Bartzelonaren bigarren taldean ari da jokatzen; ikasketak eta saskibaloia uztartzen ari bada ere, ezinbesteko jokalari bihurtu da bere entrenatzailearentzat, eta horren erakusgarri da Iraurgiren aurka galdutako Kopa finalean 30 minututik gora jokatu izana edo denboraldian zehar 20 minututik gora jokatzen ibiltzea partidako. Hegoaldean, Murtzian, saskibaloiaren munduko jokalari ibiltari horietako bat topatuko dugu: Jon Ander Aranburu; liga honetan jokatzen ari den zortzigarren denboraldian, 12 puntu eta ia 7 errebote eskuratzen ari da partidako eta Jairis bere taldearekin beheko postuetatik irteteko borrokan dabil. Eta amaitzeko, gure urteetan zehar gure erreferente nagusienetako bat izan dena: ia 40 urterekin borrokan jarraitzen duen Urko Otegi; oraindik ere maila honetako jokalari onenetako bat dela erakutsita, bere taldea Urrezko Leb ligara igotzeko borrokan mantendu nahi du partidako 9’1 puntu eta 5’1 errebote eskuratuz.
Denboraldi arraro honetan ere gertutik jarraitzen ditugu eta euren helburuetan zorterik onena opa diegu.