Jardunaldiaren atarikoa.
Aste Santuetako oporren aurreko azken jardunaldia da honakoa. Talde guztiek bilatuko dute oporretara garaipen batekin joan ahal izatea, eta hurrengo lerroetan hainbat fase dituen jardunaldi baten konturik interesgarrienak laburtzen saiatuko gara.
Senior mailan, besteen gainetik, emakumezkoen lehen mailan, EASO Basket En Clave de Solen eta Atletico Sn Sn-ren arteko lehia dago, biak ere partidu honetara 10 eta 1eko balantzearekin iristen baitira. Horretaz gain, gizonezkoen hirugarren mailan, lehen multzoko garaile zein irteten den jakingo dugu. Azken asteetan zehar sekulako borroka egon da Modelos Modelberriren eta Zurruten artean, eta azken jardunaldian, etxetik kanpo biak ere (aurrenak Bergaran eta bigarrenak Eibarren), 15 eta 1eko balantzeari garaipen bat gehiago zeinek jartzen dion ikusiko dugu.
Juniorretan errendimenduzko A2 multzoan egongo den partiduan jarriko dugu arreta. Atlético Sn Sn Garazi liderrak Aloña Mendi bigarren sailkatuaren kontra jokatuko du lidergoa jokoan izango dutela. Partidu zinez interesgarria, jakinda faseko azken partidua dela hau. Gainera, partaidetzan, igoera faseko partiduekin hasiko dira.
Errendimenduzko kadeteetan ere fase honetako azken jardunaldia izango dute jokoan eta oraindik hainbat gauza daude erabakitzeke. Adibidez, mutilen A2 multzoan, Ordiziak eta ZAST Zarautzek, biak ala biak 8 eta 1eko balantzearekin berdinduta, lehen postua bilatuko dute Atletico Sn Sn-ren eta Ama Guadalupekoa Ikasbasketen kontra hurrenez hurren. Eta mutilen partaidetzan, hirugarren multzoan, punta puntan dabiltzan, bi talderen arteko lehia: Antigua Luberri 07 vs Andraitz.
Haur maila amaitzeko. Zilarrezko mailan Bera Berak eta Ostadar Urdinak (biak 4 eta 1eko balantzearekin) Aste Santuetara lidergoan bakarka joatea bilatuko dute.
JARDUNALDIKO PARTIDUA
Emakumezkoen Senior Lehen Maila
Easo Basket En Clave de Sol vs Atlético Sn Sn
Larunbata // 16:00etan // Bidebieta kiroldegia