Jardunaldiaren atarikoa.
Ez dago atsedenik, eta hori da gustatzen zaiguna. Gainean dugu jadanik beterik dagoen jardunaldi batekin datorkigun asteburu berri bat. Hurrengo letretan, foku ezberdinez osatutako karteldegiak eskaintzen digunaren berri ematen saiatuko gara.
Hasteko, gizonezkoen senior bigarren maila, lehen faseko azken jardunaldia izango baita jokoan. Goierri Modelos Ezguba eta Ama Guadalupekoa Ikasbasket izan dira talde indartsuenak orain arte eta euren multzoetako lidergoan amaituko dute. Seniorretan, baita ere, baina emakumezkoen lehen mailan, orain arte partidurik galdu ez duen EASO En clave de sol, etxean sendo mantentzen segi nahi duen Atletico Sn Sn-ren aurkakoak deitzen du atentzioa, bigarrenak irabaziz gero, aurrena harrapatuko baitu sailkapenean.
Junior eta kadeteen errendimendu mailetan hirugarren jardunaldia biziko dugu asteon. Lehiaketa bakoitzeko bi talde daude porrota ezagutu gabe eta bide horretan mantentzea bilatuko dute, euren sendotasuna erakutsiz, ia lehia zuzenik ez dagoen jardunaldi batean. Lehia zuzen bakarra, kadeteetako A-2 multzoan izango dugu, EASO Basket Oriamendik eta Ordiziak, biak 2 eta 0ko balantzearekin elkarren aurka jokatu beharko dutelako, lidergoan bakarka zein gelditzen den erabakitzeko.
Errendimenduzko lehiaketen lehen faseko azken jardunaldia jokoan. Lehen faseko azken jardunaldia, lehen bi postuekin. EASO Basket Irulea taldeko neskek eta EASO Basket Famarcia IV taldeko mutilek bikoitz bikaina lortu dute klubarentzat, eta bigarren fasean Euskadiko txapelketarako txartela lortzeko aukera asko dituztela erakutsi dute.