Jardunaldiaren atarikoa.
Otsailak aurrera egin ahala lehiaketa ezberdinak emozioz beteriko fase batean barneratzen hasi dira. Beraietaz gozatzea tokatzen zaigu orain, adibidez asteburu honetan izango diren hainbat partidez.
Senior mailak sekulako ikuskizuna ematen ari dira eta astebururo hainbat partidu interesgarri bizitzen ditugu. Aste honetan ere horrela izango da. Gizonezkoen lehen mailan, Soraluce BKE liderra partidu zailetik zailera doa. Aurreko ostiralean Inter Demitenteren aurka garaipena eskuratu eta gero, beste aurkari konplikatu batekin egingo du topo jardunaldi honetan: bailarako derbyan, Mekalki Aloña Mendi bigarren sailkatuaren (10-6) kontra jokatuko du. Gizonezkoen bigarren mailan, bestalde, ezin indartsuago hasiko da bigarren fasea, izan ere, lehen faseko bi liderren arteko norgehiagoka ikusi ahal izango dugu Hondarribian: Ama Guadalupekoa Ikasbasket vs Goierri Modelos Ezguba. Eta zer esango dugu bada emakumezkoen lehen mailari buruz… hiru talde daude lidergoan berdinduta 5 eta 1eko balantzearekin.
Juniorretan nesken errendimenduzko A1ean izango dugun norgehiagoka bat dago aipatu beharra besteen gainetik. Orain arte partidurik galdu ez duen EASO Basket Plagamaniak Goierri UZ Baleike bigarren sailkatuaren kantxa bisitatuko du. A2an, berriz, Atletico San Sebastian Garazik Oñatin jokatuko du Aloña Mendiren kontra.
Mutilen kadete mailan ere, partidu bat berezi bat. Legazpin, errendimenduzko A1 multzoan, Betieder Andraitzek (4-0) sailkapenean zuloa zabaltzea bilatuko du bere uberan dagoen EFIK ISBri (3-1) irabazita. Eta haur mailan, urrezko eta zilarrezko errendimenduko taldeek bigarren faseari ekingo diote, behin promozioko partidak jokatu eta gero.