Jardunaldiko kronika.
Jardunaldiaren atarikoan aipatzen genuen moduan, denboraldiaren faserik erabakigarrienean sartu gara, eta, honekin batera, hil ala biziko partiduak ikusi ahal ditugu eta baita txapeldun batzuk edota txapeldun izateko hautagai batzuk ezagutzeko aukera ere badaukagu jadanik. Adibidez, errendimenduzko mutilen haur mailan, EASO Basket Farmacia Felipe IV Gipuzkoako txapeldun dugu jada, nahiz eta liga amaitzeko jardunaldi bat falta zaion, porrotik ez duelako ezagutu oraindik. Zorionak txapeldunak!
Senior mutiletan fase erregularrak amaitu berri dira lehen eta bigarren mailako A-1en. Lehen mailan Soralucek amaitu du aurreneko postuan eta berdina egin du Goierri Modelos Ezgubak bigarrenean. Hirugarren mailan, kanporaketekin hasiak dira, faboritoek ez dute huts egin eta final-erdietarako txartela eskuratu dute.
Errendimenduzko juniorretan ere kanporaketen momentua iritsi da. Mutiletan, EASO Basket Andatzak final-erdia erabakita utzi du Usoa/Ganbararen kantxan 45 eta 77 irabazi eta gero; beste final-erdian, berriz, itzulerako partiduak erabakiko du finalista, eta bertara Alter Consulting ISB hiru puntuko abantailarekin iritsiko da, joanekoan 50 eta 47 irabazi ondoren. Partaidetzatik errendimendura igotzeko kanporaketak ere hasiak dira dagoeneko. Neskei dagokienez, kanpokoek irabazi zituzten bi final-erdiak: EASO Basket Plagamaniak eta Atletico Sn Sn-k ondo bideratuta utzi dituzte kanporaketak.
Kadete mailan ere kanporaketak daude jokoan. Nesketan, junior mailan gertautu moduan, kanpokoek irabazi dute lehen partidua: Ordiziak Arrasaten (33-64) eta Zast&Kurayek Donostian (61-63). Bestalde, mutiletan, ZAST&Furiousek Azpeitian irabaztea lortu zuen eta Ordizia sendo agertu zen etxean, final-erdietan abantaila izateko.