Jardunaldiko kronika.

Jardunaldiko kronika.

Azaroan sartuta gaude jada eta lehiaketak erritmo normalean doaz aurrera, protagonismo guztia egon behar duen tokian dagoelarik: kantxetan. Han ikusten ditugu astero partidu handiak eta han hazten dira partiduz partidu gure gizataldea. Jarraian asteburuak emandakoa laburbilduko dugu, senior mailetatik hasita.

Gure maila nagusian Atletico SN SNren garaipena eta Tolosan (34-45) eta Erroibide Urbycolanena Digitarte Hoopsen aurrean (51-43) dira aipatu gabe gelditu ezin direnak, Lehen mailako euren multzoetako lidergoan sendo mantentzeko balio baitie batari zein besteari. Gainera, notizia da baita ere Goierri Modelos Ezgubak Arrasaten lortutako garaipen erosoa; 52 eta 81eko emaitzarekin, gizonezkoen bigarren mailan partidarik galdu gabe dagoen talde bakarra da orain.

Errendimenduzko junior mailan Askatuak Hollisek 70 eta 71 galdu zuen Ama Guadalupekoa Hondarribia handi baten aurrean eta hirugarren postura erori da honenbestez. Nesketan Bera Berak beste garaipen eroso bat eskuratu zuen eta lehen postua sendo jarraitzen du.

Kadete mailan Ekiola Ointxes eskuratutako garaipen bikoitza aipatu beharra dago; aurrena, atzeratutako partiduan, Ordiziaren aurka eta bigarrena ZAST Kurayeren aurrean. Modu honetara, lehiaketa ia erabakita gelditu da, moreek bigarren sailkatuarekiko bi garaipeneko aldea lortu baitute dagoeneko. Mutiletan, EFIK ISBren garaipen handia, ordura arte porrota ezagutzen ez zuen Askatuak Galilearen kontra, 52 eta 47 emaitzarekin, lortutakoa. Urrezko mailako lehen postuak gori-gori daude, beraz. Zilarrezko mailan, berriz, Ordiziak Axularren kantxan irabaztea lortu zuen eta Betieder Andraitzekin batera lidergoan jarri da.

Amaitzeko, infantil maila. Lehen postuetan dauden talde guztiek lortu dute irabaztea eta, beraz, sailkapena aurreko astean bezalaxe dago, baina hori bai, jardunaldi bat gutxiagorekin aurretik.

Iruzkin bat idatzi

This site is protected by reCAPTCHA and the Google Privacy Policy and Terms of Service apply.