“Emaitzak iritsi badira astean zehar taldeak lan bikaina egiten duelako da”.
Asteburuan Juaristi Iraurgi SB-k Zilarrezko Leb ligako finala jokatuko du bigarrenez jarraian; iaz titulua Azpeitian gelditu zen. Oraingoan etxetik kanpo jokatzea egokituko zaio, FC Bartzelonaren bigarren taldearen contra hain zuzen ere. Iñaki Jimenez entrenatzailearekin eta Mikel Odriozola bere laguntzailearekin hitz egin dugu finalaren aurretik:
- Aste berezia da klubarentzat eta baita taldearentzat ere. Zuretzat, Iñaki, ez da egoera berria, iaz txapeldun izatea lortu baitzenuen. Zer nolako sentsazio dituzue?
- Iñaki: Zalantzarik gabe ilusio handiak taldeak berriz ere final bat jolasteko aukera irabazi duelako eta honi ilusioz eta gure energia guztiarekin ekin behar diogu.
- Mikel, zuretzat berriz, esperientzia berri bat da. Zure sentsazioak nolakoak dira?
- Mikel: Bai, experientzia guztiz berri bat da neretzat eta seguru aski denboraldi hasieran pentsatzen ez nuen egoera bat. Hau dela eta sentsazioak ezin hobeak dira, taldea ilusio askorekin iristen da eta ahalik hoberen konpetitzen saiatuko gera, hortik aurrera gertatu dadila gertatu beharrekoa.
- Hau zure lehen urtea da Zilarrezko Leb ligan. Zein da zure lana Juaristiren staff teknikoaren barruan?
- Mikel: Esan dudan bezala experientzia guztiz berri bat da neretzat eta egunero ikasi beharra dago. Gehienbat Iñakik eskatutako gauzak ahalik eta hoberen egiten saiatzen naiz, bai scouting aldetik eta gero egunerokoan entrenamenduetan. Azken finean bai Iñakiri zein taldeko kideei ahalik eta gehien laguntzen saiatzen naiz eta hontan berria den pertsona batek eduki behar duen ilusioa jartzen.
- Kopako finalean egoteko sailkapena berriz eskuratzea sekulako lorpen moduan hartu behar da, gehiago kontutan hartuta bizi dugun pandemia egoerak dena baldintzatzen duela. Baina, nola daramazue denboraldia?
- Iñaki: Lehenik eta behin pena handiarekin urte polit bat egiten gauden honetan zalerik ezin dugulako gurekin izan. Hortaz gain zorionekoak gara gure lana eta afizioa egiteko aukera dugunean hain urte zail batean. Horren kontzientziarekin gure eguneroko lana oso ona izaten ari da eta klubetik eta taldetik protokolo guztiak zorrotz betetzen saiatzen gara denboraldia aurrera ateratzeko.
- Iazko denboralditik jokalari berri askorekin eta hainbat gipuzkoarrekin taldean. Zer nolako garrantzia dute etxeko jokalariek taldearen jokoan?
- Iñaki: Beraiek dira taldeari zentzua ematen diotenak eta gure taldea osatzerakoan jartzen diren lehenengo piezak. Jokalari Gipuzkoarrak saskibaloi profesionalean sartzeko urrats garrantzitsu bat da Juaristi ISB eta hortan jarraituko dugu. Gainera denak ari dira aukerak izaten eta partida bakoitzean baten batek destakatzen du, hortaz Ibon Guridi, Beñat Hevia, Ierai Azpitarte, Ander Merketegi eta Manex Ansorregi dira gure taldearen oinarria.
- Zerbait berezia pentsatu duzue aste honetarako, edo liga erregularreko partida normal bat bailitzan ari zarete lanean?
- Iñaki: Aste normal bat bezela baina agian bidaia piskat ezberdina izango da urtean zehar jolastera zuzenean joaten garelako eta aste honetan ostiralean egingo dugulako bidaia.
- Klubak crowdfunding kanpaina bat abiarazi du pandemiak guztiz baldintzatu duen denboraldi bati sortutako gastu gehigarri honetako bidaiaren parte bat behintzat ordaindu ahal izateko. Final batera heldu eta klubarentzat, ekonomikoki, buruko minak besterik ez sortzeak, maila honetako kirolak bizi duen egoera oso ondo adierazten du, ezta?
- Iñaki: Tamalez hori da errealitatea. Hau urte zaila da gure babesle, zaletu eta edozeinentzat eta ohiko diru iturriak lortzeko arazoez gain gastu extra bat suposatzen du partida honek. Hemendik lagundu gaituen orori eskerrak eman nahi dizkiot eta lagundu nahi duenari https://www.isb.eus-en begiratu dezala.
- Eta asteburua pasata, “normaltasunera” buelta. Zeintzuk dira denboraldia amaitu bitarteko helburuak?
- Iñaki: Eguneroko lana orain arte bezain ona izan dadila. Emaitzak iritsi badira astean zehar taldeak lan bikaina egiten duelako da eta hori izan behar da gure motibazio nagusia larunbaterako; baita hortik aurrera ere.
- Pareko taldean, ondo ezagutzen duzuen“gure” Xabi Beraza dago. Hitz egin al duzue berekin?
- Mikel: Xabi Berazarekin elkartzea oso berezia egiten zaigu bioi, azken finean, Iñakik lehengo urtean eduki zuen taldean eta nik txikitatik ezagutzen det Easotik. Zerbait hitz egin degu berarekin bai, bera gustora dabil handik denboraldi ona egiten ari da eta hori da garrantzitsuena. Argi dago partidan emaitza aldetik helburu desberdinak ditugula baina gustatuko litzaiguke berak partida ona egitea, baina ez onegia…
- Asteburura begira, superstiziorik?
- Iñaki: Lana normal egiteko lasaitasuna izatea, besterik ez.
- Mikel: egia esan ez daukat ezer konkreturik, beste partida bat bezala hartu, musika pixkat entzun partidara joan baino lehen, saiatu partida baina lehen broma baten bat egiten eta partida ilusioz hartzen, baina ez naiz batere superstiziosoa.
- Tituluarekin bueltatuz gero egina duzuen promesaren bat kontatzerik? Taldearentzat hiru jai egun… ile apainketaren bat… edo hurrengo partidara trajez jantzita joatea, agian?
- Iñaki: Mikelek ordua eskatu dit bere ile apaindegian baina oraingoz zin egiten dut ez dioala kopiatuko.
- Iñaki, iazko finaleko oroitzapen bat kontaiguzu.
- Iñaki: Kiroldegia nola zegoen, zenbat lagundu ziguten zaleek eta nola ez azken laurdeneko festa.
Zorterik onena opa dizuegu mutilak eta ia asteburuan, zuei esker, Gipuzkoako saskibaloiaren beste egun arrakastatsu bat ikusteko aukera daukagun!