Gipuzkoako saskibaloia martxan da
Pasa den astelehenean burutu zen Batzar Orokorrean gure saskibaloiari hasiera ematea onartu eta gero, Gipuzkoako kantxetan 2020-21 denboraldia asteburu honetan bertan hasiko da lehiatzen. Modu honetara baloiak behar zuen protagonismoa berreskuratuko du eta gure gazteak, sei hilabete baino gehiagoan geldirik egon eta gero, berriz hasiko dira txapelketa partidak jokatzen.
Urriaren 3 eta 4an martxan jarriko diren txapelketak errendimenduzko junior eta kadeteak, Emakumezkoen Lehen Maila seniorra eta Gizonezkoek Lehen eta Bigarren maila seniorra dira.
Gipuzkoako Saskibaloi Federaziotik jokalari, epaile, entrenatzaile, laguntzaile eta gure saskibaloiaren protagonista orori zorterik onena opa nahi diegu denboraldi hasiera honetan eta sen ona erabiltzen jarraitzeko deia ere egin nahi dugu, protokoloak betetzerako orduan norbanakoek eta taldeek arduraz jokatzea oso lagungarri izango baita dena ondo irten dadin.
Federazioa sekula baino irekiago egongo da zalantzak eta suerta daitezkeen larrialdiak argitzen eta konpontzen laguntzeko. Izan ere, denboraldi hasiera hau gure taldeentzat ahalik eta dinamikoena izatea nahi dugu.