Bi denboraldi oso ezberdin, ondo merezitako bi titulu.
Bi irudi soilek erakusten dute oso denboraldi atipikoa bizitzen ari garela. Lehenengoa Juaristi ISB ikusten dugu, orain 14 hilabete, titulua altxatuz goraino betetako kiroldegi batean, euren zaleen txalopean; bigarrenean, berriz, protagonista berdina titulu berdina altxatuz, baina bakardade arraro batean.
Pasa den larunbatean, bi ordu baino gehiagoan saskibaloi ederra eskainita eta emozioa kiloka banatu ondoren, bigarrenez jarraian, Juaristi ISB-k Zilarrezko Leb Ligako Kopa eskuratu zuen. Aurrez behin bakarrik lortu da balentria hau, lortutakoa duen zailtasunaren erakusgarri.
Pelikula baten gidoiak nahiko lukeen 45 minutuko partida izan zen. Maldan oso gora hasitako partida batean, etxekoek izan zuten asmatzeko kapazitate andanari ezin erantzun jakinik ibili ziren Urolakoak; 13. minutuan markagailuak 33 eta 11koa erakusten zuen. Hala ere, gipuzkoarrek ez zuten besoak jaitsi, arraunean hasi eta diferentzia txikitzea lortu zuten gutxika-gutxika, eta Ormaiztegiko txakurrarena eginez, azken laurdenean 56 eta 57 aurretik jartzea lortu zuten. Hortik aurrera gora eta behera, nor baino nor gehiago, saskibaloiak berezko dituen huts eta asmakizunekin, luzapenean 82 eta 84 irabaztea lortu zuen Juaristi ISB-k. Emozioz jositako amaiera batean Iraurgi Txapeldun atera zen.
Gure saskibaloiarentzat sekulako poza da hau, erakutsiz lehen lerroan egoteko gai garela. Gipuzkoarrak diren staff teknikoarekin, finaleko MVP-a lortu zuen kapitain gipuzkoarrarekin, eta taldean ezinbestekoak diren etxeko jokalariekin, Juaristi ISB-k Gipuzkoako saskibaloiaren beira-arasei balio handiko beste garaikur bat gehitu die. Bizi dugun egoeran saskibaloiaz ez gabiltza nahi bezala disfrutatzen, baina larunbateko eskuratutakoak eta bizi izandako momentuek erakusten dute Gipuzkoan saskibaloi gose handia dagoela eta horregatik gure kirola praktikatuz haurrekin kantxak beteta ikusi arte lanean jarraituko dugu.
Federaziotik taldea eta kluba zoriondu nahi ditugu eta bide batez eskerrak eman nahi dizkiegu, aurrekontuaren barruan ez zegoen Bartzelonarako bidai honen gastuak ordaintzeko Iraurgik martxan jarritako crowdfunding kanpainari erantzunez euren laguntza eman duten norbanako eta talde pribatu zein publikoei, eurei esker ere lortu delako titulua altxatzea.
Zorionak Iraurgi!!