Fernando Garzonekin solasaldia.
Epaileen lana gehiago ezagutzeko, probatzeko eta berari gerturatzeko federaziotik bultzatzen ari garen ekintzen barruan, datorren asteazkenean, maiatzaren 3an, 19:30tatk aurrera, Kirol Etxean, publiko guztiari zabalik egongo den solasaldi bat izango dugu Fernando Garzonekin.
Fernando epaileen munduan dagoen pertsonarik ezagunenetakoa da Euskadin egiten duen lanagatik. Bertan federazioaren teknikari moduan egiten du lan, eta Espainian ere urte luzez egin ditu teknikari lanak. Euskal federazioaz gan, Suitzako federazioko teknikaria ere bada eta FIBAko delegatu tekniko lanetan ere badihardu, nazioarteko federazioak antolatzen dituen txapelketetan, Basketball Champions Leaguea, besteak beste, komisario lanak egiten dituelarik.
“Kontaktuen hautaketa eta abantaila/desabantaila nola aplikatu”
Solasaldiak “Kontaktuen hautaketa eta abantaila/desabantaila nola aplikatu” dauka izena eta saskibaloi partidu batean, epaile lanean aritzean, kontaktuen hautaketa nola egiten den ezagutarazi eta ulertaraztera dago bideratua. Sail honetan sartzen dira, adibidez, epailearen teknika indibiduala edo abantaila/desabantaila kontzeptua aintzat hartuta, kontaktu bat gertatzen denean, hau falta bezala adierazteko edo ez adierazteko hartzen diren erabakiak.
Sarrera doanekoa da eta hitz hauek aprobetxatu nahi ditugu estamentu guztiak, jokalari, entrenatzaile eta epaileak agertzera gonbidatzeko, kontaktuen hautaketari eta hauek nola epaitu gehiago jakiteko oso solasaldi aprobetxagarria izango delako. Asko ikasteko aukera emango du.
Gainera, nobedade moduan, aurrez aurre agertzeko aukerarik ez badaukazu, Federazioaren Instagram plataforman zuzenean jarraitzeko aukera izango duzu.