Bi partida Juaristi ISB berriz ere urrezko bihurtzeko.

Bi partida Juaristi ISB berriz ere urrezko bihurtzeko.

Iñaki Jimenezek zuzentzen duen Juaristi ISBk Urrezko Leb Ligara zuzenean igotzeko aukera baliatu nahi du, asteburu honetan bertan hasita. Bi partida jokatu beharko ditu Bartzelona B-ren aurka; aurrena igande honetan, 18:00tan Azpeitian eta bigarrena, hurrengo larunbatean, hilak 24, 16:45tan Bartzelonan.

Talde bat zein bestea Zilarrezko Leb Ligako beraien multzoko talderik erregularrenak eta indartsuenak izanda iritsiko dira zita honetara. Liga erregularraren amaieran hala izan da eta hala izan zen baita ere Kopako finalerako sailkatu zituen lehen itzuliaren amaieran. Orduan, epikaz jositako partida batean Iraurgik bere bigarren Kopa titulua eskuratu zuen jarraian, 82 eta 84 irabazita.

Guztiz baldintzatuta doan denboraldi batean, pozgarria da benetan Zilarrezko Leb Ligan dugun taldea titulu guztien borrokan dagoela ikusi ahal izatea. Are gehiago kontutan hartzen badugu Iñaki Jimenezen eta Mikel Odriozolaren taldean etxeko jokalariek duten pisua. Bost gipuzkoarrek (Beñat Hevia, Ierai Aizpitarte, Ander Merketegi, Manex Ansorregi eta Ibon Guridi) bilatuko dute igoera gauzatzea Urolako taldearekin, baina ezin dugu ahaztu Bartzelonaren bigarren taldean ere beste gipuzkoar bat dugula jokatzen (Xabi Beraza), eta horrek erakusten du gure lurraldeko saskibaloia sasoi onean dagoela.

Noski, adi jarraituko dugu igandean 18:00tatik aurrera zer gertatzen den.

Goazen!

Iruzkin bat idatzi

This site is protected by reCAPTCHA and the Google Privacy Policy and Terms of Service apply.